CBGB filma azpititulatua

Sarean nabigatzen genbiltzala Alan Rickman protagonista den CBGB filmarekin topo egin genuen. Aitortzen dugu, filma erdipurdikoa da. Jorratzen duen gaiarekin zerbait potenteagoa egin zitekeen, baina tira. Hala ere, azpititulatzea erabaki genuen. Asteburu euritsu bateko arratsalde batean ikusteko ez dago gaizki.

New Yorkeko Bowery kalean, 70eko hamarkadan, Hilly Kristal eta CBGB klubak punk-rock eta new-wave talde berrien sorreran jokatu zuen papera edo Talking Heads, Ramones, Television, Blondie, Dead Boys, Patti Smith, Iggy Pop, David Bowie eta Lou Reed zein zulotan biltzen ziren ikusi nahi baduzu, hortxe aukera.

Azpitituluak deskargatzeko: CBGB.srt.
CBGB 2013 WEBRip XViD juggs torrent fitxategiarekin sinkronizatua.
Azpititulatutako filmak nola ikusten diren ikasteko: Sustatun.

Patti Smith Santana27 aretoan

Igandean Bruce Springsteen Bartzelonan ikusi ondoren atzo arratsaldez iritsi ginen Tolosara, eta gauean beste zita bat. Patti Smith Boluetako Santana27 aretoan. Ikusleen artean adin guztietako jendea, baina 50 urtetik gorako jende dezente. Kontzertua 9:30etan hastekoa zen, sarreran ordea 10:00etan hasiko zela jartzen zuen paper batean, eta gaizkiulertuarekin jendea urduritzen hasi zen kontzertua hasten ez zelako.

Halako batean Patti Smith eta bere taldea sartu zen. Kontzertua Kimberly eta Redondo Beach klasikoekin ireki zuen. Ondoren Jimi Hendrix-en Are You Experienced bertsio luze bat. Birako azken kontzertua zuten eta Patti ahotsa ikututa iritsi zen. Abesti tartean hitzegiten zuenean kontzertua berehala ez ote zen bukatuko iruditzen zitzaigun, baina abesterakoan berehala berreskuratzen zuen indarra Pattiren ahotsak. Taldekoek ere esku bat bota zioten, Lenny Kaye eta Jay Dee Daugherty lagun zaharrak, gitarra eta baterian. Jackson, semea, gitarran eta Tony Shanahan, baxu eta teklatuetan. Abesti pare bat Patti gabe jo zituzten,┬ Pattik eszenatoki ertzean exerita jendea agurtuz deskantsatzen zuen bitartean.

Atzoko kontzertua, iaz Donostiako Victoria Eugenian emandakoa baino rockeroagoa izan zen, orduan poesia gehiago errezitatu zuen eta aretoak ere guztiz ezberdinak izanik, jendeak mugitzeko/dantzatzeko beste askatasun bat zuen atzo. Hala ere, Patti tankeraz berdin jantzirik, bakero batzuk, bota kanpera haundiak, amerikana zahar bat eta azpian kamixeta txuri bat. Hirurogehi urte paseak izan arren bere alde punkiena ikusi ahal izan genuen, txistua botatzen eta gitarraren sei sokak puskatzen. Jendea besoak jasoz berotzen zuen eta bukaeran speech bat ere bota zuen People Have The Power abestiaren ondoren. Nirvanaren Smells Like Teen Spirit, Them taldearen Gloriaren betsioa eta Brucekin konposatu zuen Because The Night ere ez ziren falta. Guztira ordu t’erdi paseak. Ez dugu Patti berehala ahaztuko.

Patti Smith