Kultur Moda Donostian

Tolosan maiatzean egin zuten bezela datorren asteburuan Kutxa Kultur Zirkuitua izango da Donostian. Kultur Zirkuituaren barruan moda diseinatzaile gazteen lehenengo erakusketa egingo dute, Kultur Moda. Donostiako Reyes Catolicos-en egongo da karpa, diseinatzaileen standak, pasarela, dj-ak, erakusketak, tailerrak, musika zuzenean… SurfinKaos, Lolas Club eta Ibon Casas ikusi ahal izango dira Reyescatolicosen. Gazteszenan berriz, Klaus & Kinski eta Joe Crepusculo ikusi ahalko dira. Bazen garaia Kutxak ohiko kirol ekitaldiak antolatu eta kreditutako dirua kobratzeaz gain zerbait berria antolatzeko. Buelta bat eman beharko da.

Tom Waits Donostiako Kursaalean

Goizetik 108/133 euro balio zuten sarrerak jaso zitezkeen Kursaalean (Telentradak 8 euroko komisioa gehitzen zion). Nola ez sarrerak ematen zituen neskak ez zekien euskeraz. ―¿Le importa si le atiendo en castellano? Sino, le tiene que atender mi compañera―. Gazteleraz edo nahi baduzu katalanez, baina eman! Behin puntu hontara iritsita ez digu ezerk axola, ohituta gaude. Pikutara Euskal Herrian Euskaraz eta gure printzipio guztiak. Hori bai, sarrera baldintzak katalanez, guk baino zerbait gehiago lortu zutela bere hizkuntzarekin bagenekien, Donostian katalanez! Sarrerak emateko noski NANa aurkeztu eta telefonoz emandako zenbakiarekin kotejatu behar zuen. Sarreratan eroslearen NAN zenbakia inprimaturik zetorren. Bueno, reventa egin nahi duenak kontzertua ikustera ere sartu beharko du (edo bere NANa duen pertsona bat behintzat), sarreran ere eskatzen bait dute NANa, baina rebenta egiteko aukera ez da ekiditen.

Sarreran mugikorra itzaltzeko eskatu ziguten eta ea argazki kamararik bat ote generaman. Mugikorra piztu eta honekin argazkiren bat egiten saiatuz gero kalera bidaltzeko aukera zegoela abixatu ziguten. ―Baina nora demontre etorri gara?―. Noski mehatxua ez zen bete. Kontzertuan zehar mugikorrekin argazkiak eta flashak ere ikusi genituen.

Kontzertua 20 minutu inguruko atzerapenez hasi zen eta bitartean piska bat kotilleatzeko denbora eman zigun. Kukuxumusuko Mikel Urmeneta azaldu zen despistatu itxurarekin, bere exerlekua nun zegoen asmatzen ez zuela. Zerbait edukiko du Tom Waitsek Mikel Urmeneta San Ferminetan Iruñeatik Odon Faraonen “Donostia-San Sebastián” ponpoxora ekartzeko. Quique González eta bere aristokrazia ere hor zebiltzan, Tolosako musikorik internazionalena ere tartean zen, Karlos Aranzegi. Lisabö taldekoren bat eta, argakilari profesionalen artean, Dut/Kuraiako Galder Izagirre ere ikusi genituen. Fedora motako sombrero bat jantzita eta hipster plantekin Mikel Erentxun zebilen. Ez dugu imaginatzen Erentxun gainontzekoak aritu ginen bezela goiz osoa Telentradako telefonora deitu eta deitu. Seguru Getin bidez zuzen-zuzenean lortu zituela sarrerak, zorionekoa bera. Kontzertua amaitu ondoren ikusi genituen Coque Malla, baita Mikel Abrego ere. Fermin Muguruza ere han omen zen eta Mikel Erentxunek bere blogean dioenez Boss-a ere bai. Guk ez genuen ikusi. Ez diogu kasu gehiegirik egingo Erentxuni bere blogean Bartzelonan bizi direnei kontzertua ez galtzeko esaten die. Apur bat berandu, ez? Sarrera guztiak salduta daudenean, eta sarrerak nahi zituzten guztiek erosterik izan ez zutenean. En fin!

Jendea urduritzen hasia zen, txaloak eta oihuak entzuten hasi ziren, halako batean sartu zen banda eszentokira, denak txoratzen. Guztiak beltzez jantzita, edo ilunez behintzat. Tom Waits, Steinbeck-en The The Grapes of Wrath liburuko okie itxurak ematen zizkion traje eta txaleku zaharrarekin, buruan bonbiña. Abeslariak, berarentzat oholtza zaharkitu berezia zuen. Pasa den mendeko El Cairoko sabel-dantzarien tugurio batetik aterea ematen zuen, iskripzio arabiar eta koloreko bonbillekin alboetan, bere botekin astinduz altxatzen zuen ahutsez betea. Atzekaldean tamaina eta forma guztietako hamabost-hogeiren bat bozina-altaboz.

Kontzertua Lucinda abestiarekin ireki zuen, bira amerikarreko beste leku batzuetan bezela. Honen atzetik etorri ziren Down in the Hole, Falling Down eta Chocolate Jesus. Gero, Black Market Baby abestiarekin Vincent Henry bi saxofoikin batera aritu zen erritmoa ematen. Handik abesti batzura Tom pianora pasa zen eta Seth Ford-Young baxujolea eta biak aritu ziren. Pianoan jo zuen azkena Innocent When You Dream izan zen, publikoaren laguntzarekin. Gure dendari izen ematen dion Smoke pelikula ixten duen abesti berbera.

Orain gogoratzen ditugun beste abesti batzuk, November, Hold on, Cold Cold Ground, Cementery Polka… guztira hogei abestitik gora eta bi ordu paseak. Lau abestiko bis baten ondoren utzi gintuen. Hurrengo arte, Tom. Zai egongo gara.

Argazkiak: flickr.

Cocorosie Victoria Eugenia antzokian

Casady ahizpek (Bianca eta Sierra, edo Coco eta Rosie-k) bistako arrakasta lortu dute, jotzen duten lekuetan sarrera guztiak aurrez saltzen dituzte. Donostia ez zen gutxiago izan, Sold Out.

Telonero bezela alde batetik Danielle Stech-Homsy, Rio en Medio proiektuarekin, eta bestetik Quinn Walker, Brooklyngoak biak. Daniellek bere Ukelelearekin abesti lasai batzuk jo ondoren, Earth, Wind & Fire taldearen Let´s Groove eraiki zuen sekuentziadore batekin, momentuan egiten zituen melodiak gainjarriz. Quinn Walkerrek bere ahots indartsua erakutsi zuen. Gero zenbait abestitan Cocorosiekoekin ere abesten agertu zen.

Ondoren Cocorosieren txanda iritsi zen. Informal jantzirik sartu ziren biak, etxean baleude bezela, Sierra, Lakerseko Kobe Bryant jokalariaren saskibaloiko kamixeta haundi hori bat eta gona luze batekin. Bianca, berriz, Ratt, talde heavyaren, kamixeta puskatu batekin eta buruan zapi bat zuela. Biak aurpegia kolore fluoreszenteekin margoturik.

Sierrak abeslari klasiko eskola duela nabari da, Cocorosieren abestietan entzuten diren erregistro operistiko hoiek bereak dira. Hortaz gainera teklatua, gitarra eta arpa ere jo zituen atzokoan.

Biancaren ahotsak grabazio zaharretatik ateratakoa zirudien. Ez da alperrik esaten Billie Hollidayren ahotsaren tankera duela. Hala ere, maiz rapeatzen zuen abestietan. Doinu indiarren kutsua ere entzun genion abestiren batean. Atmosfera bereziak sortzen lagundu zuen gainera perkusio, haur-jostailu eta aparailu elektronikoekin.

Gaël Rakotondrabe pianoan, eta erritmotan TEZ beatboxerraren laguntza jaso zuten. Azken honek ikaragarrizko doaia erakutsi zuen erritmoak ahorekin sortzen, batez ere, eszenategian bakarrik geratu zen une batean. Youtuben badaude TEZen nahikoa adibide.

Kontzertuan zehar film zaharren zatiak, marrazki, pintura eta argazkiak proiektatu zituzten eszenatokian, Velvet Undregroundak egiten zuen eran.

Bukaeran, teloneroak eta Cocorosieko guztiak bildu ziren, jendea zutituarazi eta Japan abestia abesteko:

Everyone wants to go to Iraq
But once they go, they don’t come back
Bringing peanut butter jelly and other snacks
We might have our freedom, but we’re still on crack

Abesti pare batekin bisa egin eta bukatu zen kontzertua. Kontzertua bukatu ondoren diskoak saltzen eta sinatzen egon omen ziren Victoria Eugenia sarreran bi ahizpak.

CocoRosie by odreiuqzide

Argazkia: odreiuqzide

Nick Cave and the Bad Seeds taldearen kontzertua Gaska polikiroldegian

Pasa den ostegunean, apirilak 24, eta lehenbiziko aldiz Euskal Herrian, Nick Cave eta bere Bad Seeds taldeak, kontzertua eskeini zuten Anoetako Gaska polikiroldegian.

Publikoan adin eta mota guztitako jendea, baina batazbesteko adina 40 urte inguruan esango nuke, burusoildutako dexente, rocker zaharrak, aitona puretillaren bat, beste rockabillyren bat eta bizarro ugari orokorrean.

Telonero gisa Clare Moore eta Dave Graney izan ziren. Azken honek eszenatokietan beteranoa dela eta jarrera baduela erakutsi zuen. Lastima jendea ez zegoela bera ikusteko. Eskeini zizkieten soinu eta argi mailak ere ez zuen batere lagundu, talde teloneroei ia beti gertatzen zaien bezela. Espero dugu Dave Graney eta bere porkpie txapela antzoki txiki batean ikusteko aukera edukitzea noizbait.

Handik gutxira Bad Seedak atera ziren eszenatokira, jendea builaka, eta atzetik, dotore baina dotoreago, alkandora beltza eta amerikana batekin, Nick Cave. Berrogeita hamar urte izanagatik kontzertu osoan gelditu gabe batera eta bestera ibili zen. Psikopata itxura puntu bat hartu genion eszenatokiaren ertzean bere ia bi metroko alturatik keinu mehatxugarriak egiten zituenean. Atentzioa deitu zigun baita ere Warren Ellisek bere itxura eta mini-feber gitarrengatik. Azken diskoko abesti gehienez gain, beste ohiko batzuk jo zituzten, tartean “Your funeral my trial”, “Red Right Hand” eta “Deanna”. Pare bat abesti bapatean gelditu behar izan zituzten, bata haseran, baxujoleak zituen arazoengatik eta bestea bukaerako bisetan afinazio kontuengatik ‒Straight to you, uste dut‒. Bisetarako alkandora kendu eta Grinderman talde paraleloaren tximua zeraman kamixeta bat jantzi zuen Nickek.

Bi ordu pasatxoko kontzertu indartsua entzunda gustora atera ginen. Nick Cave ikusi dugula eta showman ona dela esan dezakegu!

Nick Cave Donostiako Gaskan

Morgan jatetxean afaria Malevaje talde madrildarrarekin

Datorren maiatzaren 2an Donostia inguruan bazabiltz, paregabeko aukera izango duzu Antonio Bartrina eta Malevaje bere taldea zuzenean ikusteko. Taupa Produkzioak antolatuta, Narrika kaleko Morgan jatetxean joko dute. Luxuzko kontzertua eta afaria. Auggietik Bilboko Kafe Antzokira, Fishbone ikusteko espedizioa daukagu egun hortan bertan, lastima. Larunbatean ikusi beharko ditugu Malevaje taldekoak Barakaldo Antzokian.

Erreserbak: Morgan Jatetxea. Narrika 7, Donostia.
Tfn: 943424661 – Email:morgandonosti[abildua]yahoo.es