Mursego eta bere biosonarra

Aspaldi ez dugula blog hontan musikari buruz ezer idazten, bueno, egia esan ez dugu inoiz ezerri buruz maiz idazten. Baina aldi hontan aitzakia ona da. Iazko ekainean EITB Kultura saioan ikusi genuenetik Mursegoren kontzertu bat ikusi nahian genbiltzan. Eta kontzertua joan, kontzertua etorri, beti bazen zerbait “xaguxarra” kontzertu batean ikustea atzeratzen ziguna.

Pasa den larunbata, maiatzaren batean, Madrilen geundela hango Tabacaleran egiten duten Ladyfest ihardunaldi autogestionatuan jotzen zuen Narcoleptica sevillararekin, azkenean iritsi zen aukera, eguraldi epela eta gaua perfektua zen. Baina tamalez ezin izan genuen kontzertuaz gozatu, parrandara bertaratu zen jendearen berriketak eta soinu exkaxak xaguxarraren biosonarra ernegatu zuen, ixiltasuna eskatzen zuen eta abesti bat etetera ere iritsi zen, azkenean egoerak, kontzertu erdian amorrazioz alde egitera behartu gintuen lau edo bost abesti soilik sufrituz entzunda. Baina guk behintzat bagenuen kontsolamendua, hurrengo astean, atzo, Donostiako Lugaritz.en jotzen bait zuen. Ladyfestera kontzertua ikustera hurbildu zirenei kontzertua kondizio txarretan ikustea besterik ez zitzaien geratu.

Kontzertuko kartela Barzin talde kanadiarrarekin banatzen zuen, baina nago hara gerturatu ginen gehienak Mursego ikustera joan ginela. Barzin, edukatuak, talde lasaia, apala eta bla, bla, bla, baina gurea Mursego zen.

Mursego, Maite Arroitajauregi da, emakume-orkestra, berak soilik eraikitzen du abesti osoa errepikatzen diren doinuak eta ahotsak bata bestearen gainean “grabatuz”, celloa, organilloa, autoarpa, ukalelea, plater txinatarrak, melodika, ahotsarekin egindako beatboxa, oihuak… loop abestiak piskanaka-piskanaka sekulako indarra hartzen dihoaz. Sekuentziadorea erabiliz abesti bat osatzen lehenbizikoz Rio en Medio Brooklyndarra ikusi genuen, Cocorosie.ren kontzertuan telonero aritu zena. Earth, Wind & Fire taldearen Let’s Groove abestia bersioneatu zuen, baina Mursegoren abestiak haren aldean askoz ere indartsuagoak iruditzen zaizkigu.

Egindako bertsioek txoratu gaituzte, “Das Modell” (Krafwerk), “Deabruaren Hiria” (Daniel Johnston.en “Devil Town”), “Fede Apurra” (Xabier Montoia) edo gure Adam Green, Moldy Peaches taldean aritzen zen garaiko “Anyone else but you”. Mundialak!

Mikel Laboa joan zen, baina orain Mursego etorri da… Aukera baduzue, ez atzeratu ikusteko aukera, guk ia urtebete atzeratu dugu eta damutzen gara. Bere biosonarrak ez dauka parekorik.

Mursego at Ladyfest II