Patti Smith Santana27 aretoan

Igandean Bruce Springsteen Bartzelonan ikusi ondoren atzo arratsaldez iritsi ginen Tolosara, eta gauean beste zita bat. Patti Smith Boluetako Santana27 aretoan. Ikusleen artean adin guztietako jendea, baina 50 urtetik gorako jende dezente. Kontzertua 9:30etan hastekoa zen, sarreran ordea 10:00etan hasiko zela jartzen zuen paper batean, eta gaizkiulertuarekin jendea urduritzen hasi zen kontzertua hasten ez zelako.

Halako batean Patti Smith eta bere taldea sartu zen. Kontzertua Kimberly eta Redondo Beach klasikoekin ireki zuen. Ondoren Jimi Hendrix-en Are You Experienced bertsio luze bat. Birako azken kontzertua zuten eta Patti ahotsa ikututa iritsi zen. Abesti tartean hitzegiten zuenean kontzertua berehala ez ote zen bukatuko iruditzen zitzaigun, baina abesterakoan berehala berreskuratzen zuen indarra Pattiren ahotsak. Taldekoek ere esku bat bota zioten, Lenny Kaye eta Jay Dee Daugherty lagun zaharrak, gitarra eta baterian. Jackson, semea, gitarran eta Tony Shanahan, baxu eta teklatuetan. Abesti pare bat Patti gabe jo zituzten, Pattik eszenatoki ertzean exerita jendea agurtuz deskantsatzen zuen bitartean.

Atzoko kontzertua, iaz Donostiako Victoria Eugenian emandakoa baino rockeroagoa izan zen, orduan poesia gehiago errezitatu zuen eta aretoak ere guztiz ezberdinak izanik, jendeak mugitzeko/dantzatzeko beste askatasun bat zuen atzo. Hala ere, Patti tankeraz berdin jantzirik, bakero batzuk, bota kanpera haundiak, amerikana zahar bat eta azpian kamixeta txuri bat. Hirurogehi urte paseak izan arren bere alde punkiena ikusi ahal izan genuen, txistua botatzen eta gitarraren sei sokak puskatzen. Jendea besoak jasoz berotzen zuen eta bukaeran speech bat ere bota zuen People Have The Power abestiaren ondoren. Nirvanaren Smells Like Teen Spirit, Them taldearen Gloriaren betsioa eta Brucekin konposatu zuen Because The Night ere ez ziren falta. Guztira ordu t’erdi paseak. Ez dugu Patti berehala ahaztuko.

Patti Smith

Justak ateratako Brucen bideoa

Bruce Sprgingsteenen sarreren zozketaren postean jarrita geneukan Justak (bi sarreren zozketaren irabazleak) Anoetako kontzertuan grabatu zuen bideoa. «Por petición popular», haserako orrira ekarri dugu. Justa eszenatokitik oso-oso gertu egon zen, gu Camp Nouen egon ginena baino askoz ere gertuago. Flickrren jarri ditugu Justak pasa zizkigun argazki batzuk eta Youtuben ateratako bideo gehiago. Ah! Mila esker berriro ekarritako loreengatik, Justa.

Tom Waits Donostiako Kursaalean

Goizetik 108/133 euro balio zuten sarrerak jaso zitezkeen Kursaalean (Telentradak 8 euroko komisioa gehitzen zion). Nola ez sarrerak ematen zituen neskak ez zekien euskeraz. ―¿Le importa si le atiendo en castellano? Sino, le tiene que atender mi compañera―. Gazteleraz edo nahi baduzu katalanez, baina eman! Behin puntu hontara iritsita ez digu ezerk axola, ohituta gaude. Pikutara Euskal Herrian Euskaraz eta gure printzipio guztiak. Hori bai, sarrera baldintzak katalanez, guk baino zerbait gehiago lortu zutela bere hizkuntzarekin bagenekien, Donostian katalanez! Sarrerak emateko noski NANa aurkeztu eta telefonoz emandako zenbakiarekin kotejatu behar zuen. Sarreratan eroslearen NAN zenbakia inprimaturik zetorren. Bueno, reventa egin nahi duenak kontzertua ikustera ere sartu beharko du (edo bere NANa duen pertsona bat behintzat), sarreran ere eskatzen bait dute NANa, baina rebenta egiteko aukera ez da ekiditen.

Sarreran mugikorra itzaltzeko eskatu ziguten eta ea argazki kamararik bat ote generaman. Mugikorra piztu eta honekin argazkiren bat egiten saiatuz gero kalera bidaltzeko aukera zegoela abixatu ziguten. ―Baina nora demontre etorri gara?―. Noski mehatxua ez zen bete. Kontzertuan zehar mugikorrekin argazkiak eta flashak ere ikusi genituen.

Kontzertua 20 minutu inguruko atzerapenez hasi zen eta bitartean piska bat kotilleatzeko denbora eman zigun. Kukuxumusuko Mikel Urmeneta azaldu zen despistatu itxurarekin, bere exerlekua nun zegoen asmatzen ez zuela. Zerbait edukiko du Tom Waitsek Mikel Urmeneta San Ferminetan Iruñeatik Odon Faraonen “Donostia-San Sebastián” ponpoxora ekartzeko. Quique González eta bere aristokrazia ere hor zebiltzan, Tolosako musikorik internazionalena ere tartean zen, Karlos Aranzegi. Lisabö taldekoren bat eta, argakilari profesionalen artean, Dut/Kuraiako Galder Izagirre ere ikusi genituen. Fedora motako sombrero bat jantzita eta hipster plantekin Mikel Erentxun zebilen. Ez dugu imaginatzen Erentxun gainontzekoak aritu ginen bezela goiz osoa Telentradako telefonora deitu eta deitu. Seguru Getin bidez zuzen-zuzenean lortu zituela sarrerak, zorionekoa bera. Kontzertua amaitu ondoren ikusi genituen Coque Malla, baita Mikel Abrego ere. Fermin Muguruza ere han omen zen eta Mikel Erentxunek bere blogean dioenez Boss-a ere bai. Guk ez genuen ikusi. Ez diogu kasu gehiegirik egingo Erentxuni bere blogean Bartzelonan bizi direnei kontzertua ez galtzeko esaten die. Apur bat berandu, ez? Sarrera guztiak salduta daudenean, eta sarrerak nahi zituzten guztiek erosterik izan ez zutenean. En fin!

Jendea urduritzen hasia zen, txaloak eta oihuak entzuten hasi ziren, halako batean sartu zen banda eszentokira, denak txoratzen. Guztiak beltzez jantzita, edo ilunez behintzat. Tom Waits, Steinbeck-en The The Grapes of Wrath liburuko okie itxurak ematen zizkion traje eta txaleku zaharrarekin, buruan bonbiña. Abeslariak, berarentzat oholtza zaharkitu berezia zuen. Pasa den mendeko El Cairoko sabel-dantzarien tugurio batetik aterea ematen zuen, iskripzio arabiar eta koloreko bonbillekin alboetan, bere botekin astinduz altxatzen zuen ahutsez betea. Atzekaldean tamaina eta forma guztietako hamabost-hogeiren bat bozina-altaboz.

Kontzertua Lucinda abestiarekin ireki zuen, bira amerikarreko beste leku batzuetan bezela. Honen atzetik etorri ziren Down in the Hole, Falling Down eta Chocolate Jesus. Gero, Black Market Baby abestiarekin Vincent Henry bi saxofoikin batera aritu zen erritmoa ematen. Handik abesti batzura Tom pianora pasa zen eta Seth Ford-Young baxujolea eta biak aritu ziren. Pianoan jo zuen azkena Innocent When You Dream izan zen, publikoaren laguntzarekin. Gure dendari izen ematen dion Smoke pelikula ixten duen abesti berbera.

Orain gogoratzen ditugun beste abesti batzuk, November, Hold on, Cold Cold Ground, Cementery Polka… guztira hogei abestitik gora eta bi ordu paseak. Lau abestiko bis baten ondoren utzi gintuen. Hurrengo arte, Tom. Zai egongo gara.

Argazkiak: flickr.

Bruce Springsteenen bi sarrera Justa Zubeldia Garmendiarentzat

Atzo Auggien egin genuen zozketan Bruce Springsteen Anoetan ikusteko bi sarreren zozketa Justa Zubeldia Garmendiari tokatu zitzaizkion. Hor bidaliko dugu Justa, Auggieko txapa pare batekin kontzertura “propaganda” egitera. Ea argazki bat bidaltzen diguzun hemen, gure webean jarri ahal izateko. Ondo pasa Justa!

Hurrengo zozketa New Yorkeko 5th Avenueko Apple Storean erositako 8 Gb-eko Ipod Nano bat izango da. Ez dauka beste edozein Applestoretan erositako ipod batekin diferentziarik, baina New Yorkeko 5.ean erosita dagoela esateak glamour gehiago ematen dio. ;-).

Ganadoras de dos entradas

Toots & the Maytals Bilbon

Bi urte baina gutxiagoko denbora tartean bigarren aldiz bixitatzen gintuen Toots-ek Bilboko Kafe Antzokian. Aldi hontan giroa berotzea Bartzelonako Soweto, ska-rocksteady taldeari tokatu zitzaion, abesti propio eta A message to you, rudy bezelako klasikoekin. Soweto, Getxoko Brixton Recordsekin grabatzen duen taldeetako bat da. Teloneroen lana luzexamar joan zen, bisak eta guzti, pentsa. Seguraski Toots eta taldekideak afaltzen luzatu zirelako. Instrumentuak egokitzen ere denbora piska bat pasa zuten eta jendea urduritzen hasi zen.

Hala ere, sarrerako “Guns of Navarone” The Skatalitesen abestiarekin eta ondorengo Pressure Drop, Luoi Luoi eta Reggae got soulekin jendea irabazita zuen Tootsek. Bukaerako 54-46 was my number mitikoa jo bitartean ere bere errepertorioko ohiko abesti mordoa joan zen. Ondoren bisak, eta guztira ordu t’erdi pasatxo pasata erretiratu zen Jamaikarra. Klasiko batekin Kafe Antzokia bezelako lokal egokian dantza egiteko primerako aukera.

Toots Kafe Antzokian

Cocorosie Victoria Eugenia antzokian

Casady ahizpek (Bianca eta Sierra, edo Coco eta Rosie-k) bistako arrakasta lortu dute, jotzen duten lekuetan sarrera guztiak aurrez saltzen dituzte. Donostia ez zen gutxiago izan, Sold Out.

Telonero bezela alde batetik Danielle Stech-Homsy, Rio en Medio proiektuarekin, eta bestetik Quinn Walker, Brooklyngoak biak. Daniellek bere Ukelelearekin abesti lasai batzuk jo ondoren, Earth, Wind & Fire taldearen Let´s Groove eraiki zuen sekuentziadore batekin, momentuan egiten zituen melodiak gainjarriz. Quinn Walkerrek bere ahots indartsua erakutsi zuen. Gero zenbait abestitan Cocorosiekoekin ere abesten agertu zen.

Ondoren Cocorosieren txanda iritsi zen. Informal jantzirik sartu ziren biak, etxean baleude bezela, Sierra, Lakerseko Kobe Bryant jokalariaren saskibaloiko kamixeta haundi hori bat eta gona luze batekin. Bianca, berriz, Ratt, talde heavyaren, kamixeta puskatu batekin eta buruan zapi bat zuela. Biak aurpegia kolore fluoreszenteekin margoturik.

Sierrak abeslari klasiko eskola duela nabari da, Cocorosieren abestietan entzuten diren erregistro operistiko hoiek bereak dira. Hortaz gainera teklatua, gitarra eta arpa ere jo zituen atzokoan.

Biancaren ahotsak grabazio zaharretatik ateratakoa zirudien. Ez da alperrik esaten Billie Hollidayren ahotsaren tankera duela. Hala ere, maiz rapeatzen zuen abestietan. Doinu indiarren kutsua ere entzun genion abestiren batean. Atmosfera bereziak sortzen lagundu zuen gainera perkusio, haur-jostailu eta aparailu elektronikoekin.

Gaël Rakotondrabe pianoan, eta erritmotan TEZ beatboxerraren laguntza jaso zuten. Azken honek ikaragarrizko doaia erakutsi zuen erritmoak ahorekin sortzen, batez ere, eszenategian bakarrik geratu zen une batean. Youtuben badaude TEZen nahikoa adibide.

Kontzertuan zehar film zaharren zatiak, marrazki, pintura eta argazkiak proiektatu zituzten eszenatokian, Velvet Undregroundak egiten zuen eran.

Bukaeran, teloneroak eta Cocorosieko guztiak bildu ziren, jendea zutituarazi eta Japan abestia abesteko:

Everyone wants to go to Iraq
But once they go, they don’t come back
Bringing peanut butter jelly and other snacks
We might have our freedom, but we’re still on crack

Abesti pare batekin bisa egin eta bukatu zen kontzertua. Kontzertua bukatu ondoren diskoak saltzen eta sinatzen egon omen ziren Victoria Eugenia sarreran bi ahizpak.

CocoRosie by odreiuqzide

Argazkia: odreiuqzide

Kafe Antzokia hankaz gora Fishbone taldearekin

Kontzertua hasi aurretik oso jende gutxi ikusten zen Bilboko Kafe Antzokian, Fishbone taldea gainbehera etorri zela zirudien. Bere tour europarreko azken kontzertua zen. Aurretik The Inspector Cluzo talde fantziarrak, gitarra eta bateriarekin soilik eginiko rock’n’rolla ‒fuck the bass player!, beraien eslogana‒. Piskana jendea iristen hasi zen eta frantziarrek giroa piska bat berotu zuten, azken abestietako batean Angelo Moore, Fishboneko abeslaria, atera zen beraiekin saxoa jotzera.

Kontzertua, Unyielding Conditioning abestiarekin ireki zuten Los Angelesekoek, ska erritmoak aldi hontan dub moldaketekin. Haseratik kristoren martxa jarri eta etengabe dantzan mantendu zen Angelo Moore publiko tartera jeitsi eta crowd sufinga praktikatzen. Euskal publiko hotza nola berotu badakiela erakutsi ziguten Angelo eta John Fisherren taldeak. Laugarren abestirako, Alcoholic, eskenatokia publikoz beteta zeukaten. Kafe Antzokia hankaz gora jarri zuten ska, funk eta rock gogorreko doinuekin.

Ziurraski duela 10-15 urte abesti berdintsuak joko zituzten, haserako taldekideetatik bi baino ez dira gelditzen, hala ere kide berriei Fishbonen izpiritua txertatzen jakin dute eta kontzertu batean ondo pasatzeko formula mantentzen dutela erakutsi zuten.

Angelo Moore eta John Fisher

Nick Cave and the Bad Seeds taldearen kontzertua Gaska polikiroldegian

Pasa den ostegunean, apirilak 24, eta lehenbiziko aldiz Euskal Herrian, Nick Cave eta bere Bad Seeds taldeak, kontzertua eskeini zuten Anoetako Gaska polikiroldegian.

Publikoan adin eta mota guztitako jendea, baina batazbesteko adina 40 urte inguruan esango nuke, burusoildutako dexente, rocker zaharrak, aitona puretillaren bat, beste rockabillyren bat eta bizarro ugari orokorrean.

Telonero gisa Clare Moore eta Dave Graney izan ziren. Azken honek eszenatokietan beteranoa dela eta jarrera baduela erakutsi zuen. Lastima jendea ez zegoela bera ikusteko. Eskeini zizkieten soinu eta argi mailak ere ez zuen batere lagundu, talde teloneroei ia beti gertatzen zaien bezela. Espero dugu Dave Graney eta bere porkpie txapela antzoki txiki batean ikusteko aukera edukitzea noizbait.

Handik gutxira Bad Seedak atera ziren eszenatokira, jendea builaka, eta atzetik, dotore baina dotoreago, alkandora beltza eta amerikana batekin, Nick Cave. Berrogeita hamar urte izanagatik kontzertu osoan gelditu gabe batera eta bestera ibili zen. Psikopata itxura puntu bat hartu genion eszenatokiaren ertzean bere ia bi metroko alturatik keinu mehatxugarriak egiten zituenean. Atentzioa deitu zigun baita ere Warren Ellisek bere itxura eta mini-feber gitarrengatik. Azken diskoko abesti gehienez gain, beste ohiko batzuk jo zituzten, tartean “Your funeral my trial”, “Red Right Hand” eta “Deanna”. Pare bat abesti bapatean gelditu behar izan zituzten, bata haseran, baxujoleak zituen arazoengatik eta bestea bukaerako bisetan afinazio kontuengatik ‒Straight to you, uste dut‒. Bisetarako alkandora kendu eta Grinderman talde paraleloaren tximua zeraman kamixeta bat jantzi zuen Nickek.

Bi ordu pasatxoko kontzertu indartsua entzunda gustora atera ginen. Nick Cave ikusi dugula eta showman ona dela esan dezakegu!

Nick Cave Donostiako Gaskan

Morgan jatetxean afaria Malevaje talde madrildarrarekin

Datorren maiatzaren 2an Donostia inguruan bazabiltz, paregabeko aukera izango duzu Antonio Bartrina eta Malevaje bere taldea zuzenean ikusteko. Taupa Produkzioak antolatuta, Narrika kaleko Morgan jatetxean joko dute. Luxuzko kontzertua eta afaria. Auggietik Bilboko Kafe Antzokira, Fishbone ikusteko espedizioa daukagu egun hortan bertan, lastima. Larunbatean ikusi beharko ditugu Malevaje taldekoak Barakaldo Antzokian.

Erreserbak: Morgan Jatetxea. Narrika 7, Donostia.
Tfn: 943424661 – Email:morgandonosti[abildua]yahoo.es