Eusko Jaurlaritzak gaztelera eta Internet Explorer erabiltzera behartzen gaitu

Dendari bakoitzak merkealdi garaiaren hasera eta bukaera markatzen duen orri bat jarri behar du dendaren kanpokaldean bistan. Orri hori Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak ematen du. Gauzak errazteko aplikazio bat jarria dute web bidez.

Erabiltzailea eta pasahitza sartu ondoren, dendariok soilik ikus dezakegun orri batean gaztelera erabiltzera behartuak gaude. Nahiz eta hizkuntza aldatzeko esteka bat eduki, ez dago euskarazko orririk. Hori bai, gero eskaparatean jarri beharreko orria bi hizkuntzatan ateratzen da.

Horretaz gainera Firefoxekin orriak ikustea lortzen dugu, baina datak sartzeko duen sistema dela eta (pop up lehioen bidez, ezin dira datak teklatu bidez sartu) ezin izan dugu formularioa bete. Horregatik Internet Explorerra eta Windows erabiltzera derrigortuak gaude.

Arazoa ezkutuan dagoenez, ez zaie aldatu beharrekoa irudituko. Dendaria izan behar da akatsa ikusteko eta erabiltzaile eta pasahitza beharrezkoak dira. 2007/08 neguko merkalditan konturatu ginen hontaz, pasa genien abixua eta eskerrak eman zizkiguten akatsa detektatzeagatik. 2008ko udarako merkealdietan denak berdin jarraitzen zuen eta urtebete igaro ondoren denak berdin jarraitzen du eta okerrena, urte mordo batean horrela jarraituko duenaren itxura guztia duela.