Cocorosie Victoria Eugenia antzokian

Casady ahizpek (Bianca eta Sierra, edo Coco eta Rosie-k) bistako arrakasta lortu dute, jotzen duten lekuetan sarrera guztiak aurrez saltzen dituzte. Donostia ez zen gutxiago izan, Sold Out.

Telonero bezela alde batetik Danielle Stech-Homsy, Rio en Medio proiektuarekin, eta bestetik Quinn Walker, Brooklyngoak biak. Daniellek bere Ukelelearekin abesti lasai batzuk jo ondoren, Earth, Wind & Fire taldearen Let´s Groove eraiki zuen sekuentziadore batekin, momentuan egiten zituen melodiak gainjarriz. Quinn Walkerrek bere ahots indartsua erakutsi zuen. Gero zenbait abestitan Cocorosiekoekin ere abesten agertu zen.

Ondoren Cocorosieren txanda iritsi zen. Informal jantzirik sartu ziren biak, etxean baleude bezela, Sierra, Lakerseko Kobe Bryant jokalariaren saskibaloiko kamixeta haundi hori bat eta gona luze batekin. Bianca, berriz, Ratt, talde heavyaren, kamixeta puskatu batekin eta buruan zapi bat zuela. Biak aurpegia kolore fluoreszenteekin margoturik.

Sierrak abeslari klasiko eskola duela nabari da, Cocorosieren abestietan entzuten diren erregistro operistiko hoiek bereak dira. Hortaz gainera teklatua, gitarra eta arpa ere jo zituen atzokoan.

Biancaren ahotsak grabazio zaharretatik ateratakoa zirudien. Ez da alperrik esaten Billie Hollidayren ahotsaren tankera duela. Hala ere, maiz rapeatzen zuen abestietan. Doinu indiarren kutsua ere entzun genion abestiren batean. Atmosfera bereziak sortzen lagundu zuen gainera perkusio, haur-jostailu eta aparailu elektronikoekin.

Gaël Rakotondrabe pianoan, eta erritmotan TEZ beatboxerraren laguntza jaso zuten. Azken honek ikaragarrizko doaia erakutsi zuen erritmoak ahorekin sortzen, batez ere, eszenategian bakarrik geratu zen une batean. Youtuben badaude TEZen nahikoa adibide.

Kontzertuan zehar film zaharren zatiak, marrazki, pintura eta argazkiak proiektatu zituzten eszenatokian, Velvet Undregroundak egiten zuen eran.

Bukaeran, teloneroak eta Cocorosieko guztiak bildu ziren, jendea zutituarazi eta Japan abestia abesteko:

Everyone wants to go to Iraq
But once they go, they don’t come back
Bringing peanut butter jelly and other snacks
We might have our freedom, but we’re still on crack

Abesti pare batekin bisa egin eta bukatu zen kontzertua. Kontzertua bukatu ondoren diskoak saltzen eta sinatzen egon omen ziren Victoria Eugenia sarreran bi ahizpak.

CocoRosie by odreiuqzide

Argazkia: odreiuqzide

2 erantzun “Cocorosie Victoria Eugenia antzokian” bidalketan

  1. Pingback-a: Mursego | Auggie

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude