Nick Cave and the Bad Seeds taldearen kontzertua Gaska polikiroldegian

Pasa den ostegunean, apirilak 24, eta lehenbiziko aldiz Euskal Herrian, Nick Cave eta bere Bad Seeds taldeak, kontzertua eskeini zuten Anoetako Gaska polikiroldegian.

Publikoan adin eta mota guztitako jendea, baina batazbesteko adina 40 urte inguruan esango nuke, burusoildutako dexente, rocker zaharrak, aitona puretillaren bat, beste rockabillyren bat eta bizarro ugari orokorrean.

Telonero gisa Clare Moore eta Dave Graney izan ziren. Azken honek eszenatokietan beteranoa dela eta jarrera baduela erakutsi zuen. Lastima jendea ez zegoela bera ikusteko. Eskeini zizkieten soinu eta argi mailak ere ez zuen batere lagundu, talde teloneroei ia beti gertatzen zaien bezela. Espero dugu Dave Graney eta bere porkpie txapela antzoki txiki batean ikusteko aukera edukitzea noizbait.

Handik gutxira Bad Seedak atera ziren eszenatokira, jendea builaka, eta atzetik, dotore baina dotoreago, alkandora beltza eta amerikana batekin, Nick Cave. Berrogeita hamar urte izanagatik kontzertu osoan gelditu gabe batera eta bestera ibili zen. Psikopata itxura puntu bat hartu genion eszenatokiaren ertzean bere ia bi metroko alturatik keinu mehatxugarriak egiten zituenean. Atentzioa deitu zigun baita ere Warren Ellisek bere itxura eta mini-feber gitarrengatik. Azken diskoko abesti gehienez gain, beste ohiko batzuk jo zituzten, tartean “Your funeral my trial”, “Red Right Hand” eta “Deanna”. Pare bat abesti bapatean gelditu behar izan zituzten, bata haseran, baxujoleak zituen arazoengatik eta bestea bukaerako bisetan afinazio kontuengatik ‒Straight to you, uste dut‒. Bisetarako alkandora kendu eta Grinderman talde paraleloaren tximua zeraman kamixeta bat jantzi zuen Nickek.

Bi ordu pasatxoko kontzertu indartsua entzunda gustora atera ginen. Nick Cave ikusi dugula eta showman ona dela esan dezakegu!

Nick Cave Donostiako Gaskan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude